XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) antzeko aire sarkor batek kaleetako adokinen distira entzungarri egiten zuen.

Eta euria egin berritan, hiri hartako kaleei arrain ustelaren usaina zerien, trenbideko trabes paralelo bustiek arrandegietako egurrezko kutxa apurtuez eginak ziruditelako, akaso.

Une hartantxe euririk ari ez bazuen ere, ilunbista hartan, gramolaren orratzak diskoa zauritzean euria egiten zueneko soinu baxu berbera sortzen zuen kantutik kantura dagoen transizio isilean.

Diskoaren binilozko erretenek bazuten edozeinek bizitzan har ditzakeen basamortu eta hutsarteekin zerikusirik.

Iraganaren binilozko eraztun meheak.

Lainoek hartua zuten leihoaz bestalde zerua.

Kaleetan biraoka arituko ziren honezkero astronomo eta zaletuak, lainajeak ikuskizun txundigarri hura eragotziko zien beldur.

Egon ere, belun zegoen giroa kaleratu zenean.

Hiriak disko erraldoi eta irregular baten antza hartzen zuen; zorte apur batekin, hiri erdiko kartoi gogorreko zabalune gorrian, A aldean, diskoaren kanta inprobisatu ezberdinen izenburuak ere bereiziko zituen miopiarik ez zuenak.

Fist Tango In Beluna Moon.

Edo kaleen izenak kurtsibaz idatziak: Bolivia Auzunea.

Inork ez zuen zalantzan jartzen: hiriak birak eta birak ematen zituen diskoaren itxura hartzen zuen ilunbista hartan.

Bizitzaren aurreko jarrera izan zitekeen gramolaren orratzak diskoarekiko duen berbera: hasierako eraztun bira luze haiek denboraren igaro neketsua adierazten, beranduago isiltasun eten pare bat euri arrotzarekin, gero eta laburtzenago doan zurrunbiloaren begira inguratu beharra.

Zulo bat euririk gabea.

Estolda zulo biribilak.

Bizikleta bat putzuak gainezkatuz.

Argindar kable bustiek sortzen duten zomorro hilzoriaren gisako ziztua.

Orratza altxarazten duen beso bat.

B aldea.

Beluna.

Betun beltzaren usaina nonahitik aditzeko modua.

Usain entzungarria.